Copy
Buletina ikusi ezin baduzu egin klik hemen 
(ESTEKA ZUZENDUTA)
GIPUZKOA SAREAN TWITTERRA

SARRERA
 
Irailean, ikasturte berriari hasiera eman diogu Gipuzkoa Sareanen, hainbat berritasunekin. EAM-Eskualde Arteko Mahaiaren lan egiteko modua aldatu dugu. Hemendik aurrera, bi hilean behin elkartuko da, jardunaldi osoko saioan.

Uztailean, tarte batez alde batera utzi genituen teknikari fazilitadoreekin hasiak genituen ikerketa-ekintza prozesuak, denbora hori eskualde bakoitza bisitatzeari eskaintzeko. Irailean, eragile guztien eskutik jaso ditugu nork bere eskualdean lantzen ari diren proiektuen inguruko kezkak, Gipuzkoa Sarean prozesuaren baitan. Horrela, etorkizunerako saioetan kontuan hartu beharreko elementuak azalduko dira.
 
Bestalde, eta buletinaren aurreko alean aurreratu genizuen bezala, urrian jarriko dira abian “Sarean Topaketak". Lehenengoa Tolosaldean izango da eta "Tolosaldearen garapenean parte hartzen" izenburupean, sesio irekia izango da, interesa duten eragile guztiek izango baitute bertan parte hartzeko aukera. Topaketa hauen helburua lurralde garapenaren kontzeptua ezagutzera ematea eta esperientziak aurkezteaz gain, ikuspuntuak zein aurrera begirako ekimenak partekatzen hastea da.

Aldaketek joan den ikasturte osoan zehar partekatu ditugun gogoetei erantzuten diete, eta lanaren efizientzia eta proiektuaren kalitatea hobetzea dute helburu, ezarritako helburuak bete ahal izateko.
 
Aurkezpen honen ondoren, Gipuzkoa Sareanen inguruko azken berriak irakurtzera gonbidatzen zaituztegu. Buletin honetan laburtu ditugu guztiak. 

HAUSNARKETA
 
Harremantze ereduaren sistematizazioa eta iraunkortasuna lantzea

Azken buletinean aurreratu genizuen moduan, datozen hilabeteetan harremantze ereduaren sistematizazioa eta iraunkortasuna lantzen hasiko gara, taldez talde. Sistematizazioari dagokionez, azken urteetan proiektuan ikasi duguna laburbildu eta partekatzen saiatuko gara. Iraunkortasunaren hausnarketarekin, berriz, taldeetan azaldu diren zenbait zalantza eta kezkari erantzuna emateko prozesua ireki nahi izan dugu. Erabiliko dugun metodologia Fomin,-ek egindako proposamen batetik egokitu dugu. Lau ardatz proposatzen ditu iraunkortasuna aztertzeko. Bata, iraunkortasun politikoa da, beronen baitan prozesuen lidergoaren inguruko hausnarketa bultzatzen da. Bigarren ardatza iraunkortasun teknikoa da, eta lan talde teknikoen egitekoaren inguruko hausnarketa proposatzen du. Hirugarren ardatza iraunkortasun instituzionala da, eta ondorengo galdera jartzen du mahai gainean: zenbateraino dago barneratua prozesua gure erakunde, araudi eta prozeduretan? Azkenik, Fomin-en metodologiaren arabera, finantza iraunkortasuna dugu. Gai horiek izango ditugu mahai gainean, beste batzuen artean, datozen hilabeteetan. 

Ekintza-SAREA LABURREAN
 
Argitaratzen hasi dira Energia Mahaiaren laguntzaz sortutako dekretuak
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den irailaren 12an argitaratu zuen Energiaren inguruko lehen dekretua. Dekretu horrek aukera ematen die Garapen Agentziei esperientziarik gabeko gazteak kontratatu, eta, prestakuntza prozesu baten ostean, Energiaren sektorearen Gipuzkoa osoko mapaketa sakona egiteko. Hurrengo dekretuak, berriz, mikroenpresei energia efizientzian inbertitzeko laguntzak argitaratuko ditu. Dekretuek, orotara, hiru helburu dituzte, Lurralde Garapenerako Departamentuko Ugaitz Iturberen hitzetan: “Gipuzkoako energia sektorean ari diren enpresak identifikatzea eta haiei zuzendutako ekimenak garatzea, mikroenpresen energia kontsumoa murriztea, eta esperientzia gabeko gazteei sektore horretan aukera bat ematea”. Gipuzkoa Sarean-ek 2013ko abenduan martxan jarritako Energia Mahaiaren baitan sortu dira dekretuak. Mahai hau Gipuzkoako 8 eskualdeetako garapen agentzietako lehendakari eta zuzendari nagusiek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko eta Ingurumen saileko zuzendari eta teknikariek osatzen dute. Lan talde honen helburua da “energia gaietan eskualdeen arteko eta eskualde eta Foru Aldundiaren arteko koordinazioa bultzatzea, horrela, Ingurumen sailetik eta Lurralde Garapen zuzendaritzatik aurrera ateratako ekimenak eskualdeekin batera egiteko”, azpimarratu du Ugaitzek.Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen saileko zuzendariak mahai honetan parte hartzea “garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun” dio Ugaitzek, “Ingurumen departamenduko estrategia eta Energia Mahaitik ateratako ekimenak koordinaturik eta noranzko berean garatzeko".
Gogoeta Taldeak bigarren errondako bisitei eman die hasiera

MutrikuIrailak 11an Debabarrena, 18an Bidasoa eta 30ean Urola Erdia bisitatu zituzten Gogoeta Taldeko (Lehen Ikuskaritza Taldea) kideek eskualdeka bertako eragile desberdinekin egiten ari diren hausnarketa prozesuaren bigarren errondan. Egindako bisitetan lurralde hauetako errealitate desberdinak ikusi eta ezagutu dituzte, eskualdean zehar itzuli bat eman eta bertako errealitatea ezagutuz, Alkate eta zinegotziekin bilduz eta aldi berean Garapen Agentziako teknikari eta Gerenteen eskutik lehen mailako informazioa jasoz. Urriaren 7an behin bisiten lehenengo fasea bukatu ondoren, Gogoeta Taldeko kideak Diputazioan bildu ziren lurralde bakoitzeko xehetasunak bateratu eta kontrastatzeko asmoz.

Gipuzkoa Sarean eskualdez eskualde bakoitzaren proiektuen nondik norakoak ezagutuz

Gipuzkoa Sarean-eko Ugaitz Iturbe eta Zubigintzako Ainhoa Arrona eskualdez eskualde ibili dira lurralde hauetan aurrera eramaten ari diren proiektuen nondik norakoak ezagutzeko helburuarekin. Proiektu hauek lurralde garapena eta harremantze ereduan aurrerapausoak emateko jarri ziren abian, eta, lan egiteko eredu berriari jarraiki, proiektuetako talde arduraduna garapen agentzietako lehendakari, zuzendari eta teknikariek osatzen dute. Ugaitz eta Ainhoa talde arduradun hauekin bildu dira, proiektuen erronkak eta arazoak aztertzeko eta, etorkizunari begira, erronka komunei elkarrekin erantzunez, eskualdeetako prozesuetan zein Gipuzkoako ereduaren eraikuntzan aurrera jarraitzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Fidel Castro Días-Balarti harrera egin dio eta Kuba eta Kolonbiarako misioa prestatu du azarorako
Joan den irailaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Fidel Castro Díaz-Balart fisikari nuklear ezagunari harrera egin zion. Fisikaria Fidel Castro Kubako agintariaren semea da, eta CIC Nanoguneko instalazioak ikusten aritu zen, Martin Garitano, ahaldun nagusiak, eta Jon Peli Uriguen, Berrikuntzako foru diputatuak, lagunduta, Aldundiko beste arduradun batzuekin batera. CIC Nanoguneko bisitan, Pedro Miguel Etxenike, erakundeko presidentea, eta beste arduradun batzuek zituen zain.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Garapenek eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak sinatutako hitzarmenaren baitan, misio bat antolatzen ari dira, azaroan, lurraldeko hogeiren bat enpresak Kuba eta Kolonbia bisitatzeko.
Sustapen Mahaiaren ebaluazio prozesuaren lehen fasea bukatuta eta bigarrenari begira
 
Sustapen mahaiko ebaluazio ekintzaren lehen fasea bukatu da jada. Sustapen  dekretuaren proposamenak jasotzeko prozesuan, Orkestrako Mari Jose Aranguren eta James Wilson irailaren 5ean elkartu ziren Lurralde Garapenerako zuzendaritzarekin. Bigarren faseari begira, agentziekin prestakuntza saioak antolatuko dituzte, sustapen proiektuak ebaluatzeko mekanismoak azaldu eta garatzeko asmoz.
Eskualdez eskualdeko Sarean Topaketak jardunaldiei hasiera emango zaie urrian, Tolosaldean

Gogoeta Taldearen bisita eta ekarpenak jaso ondoren, Gipuzkoa Sareanek abian jarri ditu Sarean Topaketak deituriko jardunaldiak.
Lurraldeko eragile guztiei zuzendutako topaketak dira. Lehena Tolosan izango da, "Tolosaldearen Garapenean Parte Hartzen" izenaz, datorren urriaren 29an, 18:00etatik 20:00etara Lehiberri zentroan.  
Bertan, Jon Agirre AMPOko lehendakariaz gain, Tolosaldeako hainbat eragilek hitza hartuko dute mahai inguru batean lurralde garapenari buruz hitz egiteko eta aurrera begirako ekimenen inguruan hausnartzeko.
Pablo Costamagna Zubigintza taldeko ikertzaileak tesia aurkeztuko du, urriaren 30ean

“Los procesos políticos y de formación en la construcción de capacidades para el desarrollo territorial. Una aproximación al aprendizaje desde la experiencia” izenburuko tesia defendatuko du Pablo Costamagnak datorren urriaren 30ean, goizeko 11:00etan Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan.
Tesiak Hego Amerikako hiru kasu –Rafaela eta Reconquista Argentinan, eta Cuzco, Perun- eta Gipuzkoa Sarean kasua aztertu ditu. Lurralde garapenari dagokionez, tesiak azpimarratzen du eragina dutela elkarrizketak, lidergoek, esparru ideologiko eta kulturalak, eta konfiantzazko harremanak sortzearen garrantziak. 

SAREA SAKONTZEN
 
Lurralde Garapena eta Lehiakortasunaren inguruko hausnarketa. Paco Alburquerque

"Lurralde garapena errealitateari beste modu batera begiratzea da"

Paco Alburquerque Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Madrilgo Konplutense Unibertsitatean, CSIC-Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko ikertzailea izan da eta Nazio Batuen Erakundearentzat lan egiten du. Hego Ameriketan eta Europan lan egin du, lurralde garapeneko prozesuak abian jartzen. Paco Gipuzkoa Sareaneko Zubigintzako ikerketa taldeko kidea da, 2011z geroztik. Harekin hitz egin dugu lehiakortasunari eta lurralde garapenari buruz, eta ahalegindu gara Ozeano Atlantikoaren bi aldeetako esperientziaz ikasten. IRAKURRI ELKARRIZKETA HEMEN
 
Eskualde Arteko Mahaia eta Peer Review

Bidasoa, Urola Erdia eta Debabarrena sakontzen

Pasa den irailaren 10ean Arantzazun (Debagoiena), egindako Eskualde Arteko Mahaian, Bidasoa, Urola Erdia eta Debabarrenaren eskutik Peer Review saio bat izan genuen, eskualde hauetako ezaugarriak azaltzeaz gain garapen agentziek martxan dituzten proiektu eta plan estrategikoen inguruan ere hitz egin zen, besteak beste. ESKUALDE ARTEKO MAHAIAN IZANDAKOAK AURKEZTEN DITUGU HEMEN

 
GARAITUZ programa. 

Egoera zailean dauden enpresen bideragarritasuna bermatzeko abian jarri da GARAITUZ programa
 
Egoera zailean dauden enpresen eta bideragarriak direnen jarraipena bermatzeko ahalegina da GARAITUZ programa, Gipuzkoa Sarean egindako lanaren ondorio. Pedro Iturbe Lurralde Garapeneko Zuzendaritzako arduradunak Gipuzkoa Sarean-en ekimenaren barnean abian jarri berri den programaren inguruko zehaztasunak eman dizkigu elkarrizketa batean. 6.000.000 euro bideratuko dira egoera zailean dauden enpresa hauei lagundu eta lan dinamika iraunkorrak martxan jartzeko. IRAKURRI ELKARRIZKETA HEMEN
 
                   
AGENDA
 
 

Sarea lanean... datozen hilabeteetan

  • 2014/10/22- Talde Ertainaren bilera. 
  • 2014/10/23- Eskualdeetako Proiektuen tailerrak berriz martxan. 
  • 2014/10/29- Sarean Topaketak, Tolosaldea- "Tolosaldearen Garapenean Parte Hartzen"
  • 2014/11/05- Eskualde Arteko Mahaia, Goierrin.
  • 2014/12/11- Finanlab jardunaldia. Txanpon osagarriak, Debagoienan.

AZKENA
 
Gipuzkoa Sarean, Finantziazio Laborategiaren baitan, txanpon sozialaren inguruko lanketa egiten ari da azken hilabeteotan. Txanpon sozialaren inguruko hausnarketan murgilduta "Monedas regionales, nuevos instrumentos para una prosperidad sustentable" liburua gomendatzen dizuegu gai honi buruz gehiago jakin nahi ezkero. Jaitsi liburua hemen

LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: ugaitziturbe@gipuzkoa.net. Gaian BAJA EMAN adieraziz.