... Gernikako Arbolaren lehen dibulgatzailea Telesforo Monzón izan zela?
Esaten da 1853ko udaberri aldera aurkeztu zuela Iparragirrek bere ereserkia Madrilgo Montera kaleko San Luis kafetegian. Iparragirrek 33 urte zituen orduan. “Esku zarta eta txalo beroen zaparrada baten ondoren”, dio Herranek, “entzun eta ikusi zutenek, asko izan baitziren, elkarrekin kantatu zuten azken orduan, eta egileek ez zituzten falta izan gorak eta bibak. Ordutik aitzina, kontsakraturik gelditu zen Gernikako Arbola doinua, gaztelaniaz El Guernica deituraz zabaldua. Madrilen bizi ziren euskal herritarrek luze gabe ezagutu eta kantatu zuten. Haiek, berriz, gure herrialdera ekarri zuten, eta baserri ahaztuenetara ere zabaldu zen, zaletasun bizia eta Euskal Herriko erakundeen maitasun sentimendua piztuz”. Salaberriak hauxe idatzi zuen: “Ereserki nazional baten dotorezia eta sakonera osoa zuen; sortu zen euskaldunen Marseillesa (…). Sorterriak bazuen ahotsa”.
Ekain amaieran, Telesforo Monzon Zurbanok, guk ezagutu dugun Telesfororen aitonak, Jurisprudentzia eta Legedi doktorego titulua eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitatean. Inbestidura hitzaldia amaiturik, “jendetza lokaletik irten zen Gernikako Arbola zortzikoko doinu gerlarien artean, berariaz Monzonek orkestrari hura eman ondoren”. Estreinatu eta berehala, ari zen zabaltzen.
|